XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskaltzaindian bada talde edo batzorde bat LEF deritzona (Lexikologi Erizpideak Finkatzeko taldea).

Beronen zeregina da euskarak gaur duen hitz berrien premia nolabait erremediatzen laguntzea.

Horretarako, ordea, hizkuntzak berak dituen prozedura eta baliakizunak behar dira ezagutu, kontutan hartu, aztertu: hori da LEF taldeak egiten duena.

Hori egin ondoren, Euskaltzaindiak berak, hala baderitzo, arau gidari batzuk ematen ditu hitz berrion sorketa-lana batasun baten barnean egin dadin.

Izan ere, euskara mende berrian sartu zenetik eta areago autonomia heldu zenetik, bere hitzen ondarea aberastu beharrean gertatzen da.

Hiru bide ditu gure hizkuntzak horretarako: 1) hitzak mailegatu; 2) konposaketa edo elkarketa bidez hitzak sortu; 3) deribazio edo atzizki bidez hitz berriak eratorri edo deribatu.

Hiru sailok ikertzen dabil, bada, LEF taldea, eta horretarako Jardunaldiak antolatu ohi ditu noizbehinka.

Mailegu berriei buruzko Jardunaldiak Hondarribi eta Uztaritzeko Landagoienen egin ziren; eta horien ondorio dira Euskaltzaindiak gero hartu zituen erabakiak: Maileguzko hitz berriei buruz Euskaltzaindiaren Erabakiak, 1986.

1986ko urte berean LEF taldea bigarren bidea arakatzen hasten da, hots, hitz-elkarketarena.

Aurrenengo Jardunaldiak (gai honi buruz) Beloken izan ziren, 1986ko Ekainean.

Geroztik hainbeste egin dira: Plentzian, Zarautzen, Bidarrain, Leitzan, Uitzin.

Zer da hitz-elkarketa?.

Bi (edo gehiago) hitz elkartuz, hitz berria sortzea.

Euskaldunak betidanik erabili izan du bide hau, baina gaur agian atrofiaz joa dugu eta horregatik ia beti maileguetara jotzen da.

Bide hau ondo ezagutuz eta behar bezala erabiliz, hizkuntzarentzat emankor gerta daiteke.

Nola sortu zen, esate baterako, sagardoaren izena?.

Sagar eta ardo elkartuz, noski.

Jakin behar da, halere, hitz-elkarketa mota asko dagoela eta bakoitzaren legeak ezagutu behar direla.

Atal hau Belokeko Jardunaldietan hitz-elkarketaren sailari hasiera eman zitzaioneko hitzalditxotik hartua da.

Ez dut uste ulertzen bat ere zaila denik.

Gai honen garrantzia nahi du azpimarratu.

Bertan erabiltzen den hizkeran ez dago ez ironiarik eta ez zeharka esandako gauzarik.

Hizkera gardena dela esango nuke.

Egun hauetan lehenbiziko aldiz agertzekoa da Azkueren elaberri bat, Latsibi.

Berau irakurtzen baduzue, gauza batez ohartuko zarete: zenbat hitz berri dauden bertan hitz-elkarketa bidez Azkue berak eratuak.

Gaurko eskakizunei erantzun nahirik, alegia.

Oker egiteko beldur handirik gabe esan daiteke, ene ustez, euskara, autonomiaren ondorioz, egoera edo aro berri batean sartu dela.

Eta hortik supituki eta zorionean gure mintzairari istilu eta katramila berriak heldu zaizkio.

Ofizialtasun-maila eskuratu duen puntutik, euskarari hiztegi-arazo larriak azaldu zaizkio.

Euskaraz tradizionalki erabili izan den hitz-multzo edo ondare hori behar bezainbestekoa zen eta euskaraz adierazten ziren premia eta zereginetarako egokitua.

Baina orain bat-batean euskarak sarrera izan du administrazioan irakaskuntzan, komunikabideetan; gizartea bera neurri handi batean hiritartu egin da eta mende berriko kultur giroan bizi da.

Orduan ez da mirakuilu euskarak hitz-eskasia handi batekin topo egin badu.

Itsaso neurgea, ikaragarri zabala dugu begien aurrean.

Zein da Euskaltzaindiaren egitekoa arazo honetan?.

Euskaltzaindiak ez du uste gaur behar diren hitz guztiak sortzea berari dagokionik edo hainbeste alorretako izenak euskaraz nola esan behar diren berak dekretuz eta bana-banaka erabaki dezakeenik.

Akademiak badaki berak bakarrik ezin dituela inolaz ere eremu larri horiek inguratu.